Hasiera

ZORIONAK Gipuzkoa! Hondakinak ez ditugu erraustuko!

Utzi iruzkina

GIPUZKOAKO ERRAUSKAILUAREN PROIEKTUA BERTAN BEHERA GERATU DA

Garaipen handia

Atzokoa, Gipuzkoako errauste planta eraikitzeko proiektua behin betiko bertan behera uzteko urratsa, herritarren osasuna eta ingurumena lobby ekonomiko-politikoen interes partikularrei gainditzeko borrokan mugarri historikoa izan da. Aldeak alde, Lemoizko zentral nuklearra bertan behera geratu zenetik ez da izan herri mugimenduaren horrelako beste garaipenik.
Hamarkadak izan dira, mugarik gabeko garapenkeriaren bultzatzaileek, erakundeetatik erabateko prepotentziz jokatzen iraun dutenak. Gure osasunaren eta ingurumenaren kontura, gure diruz, aberasten eta aurpegira barre egiten aritu zaizkigun garaiek luze jo dute. Horrelako garaipenek, gure ahalmenean, herritarrok eragiteko daukagun ahalmenean sinesteko balio dute. Egunok, garaipena ospatu eta indar berritzeko garaia dira, unerik etsigarri eta ilunenetan ere lanean jardun izanak emandako fruituaz gozatzeko uneak. Ospa dezagun bada!

INDAR BERRITU ETA AURRERA, ZERO ZABOR LURRALDEA ERDIETSI ARTE

Garaipen handi hau, ospatu, eta, gure ahalmenean sinesteko baliatu behar dugu. Garaipen handi honek baina, ez digu gure helburua zein den ahaztuarazi behar. Azpiegitura kutsakor erraldoia ez egitea lortu dugu, baina materialen kudeaketa eredu xahutzaile eta zabor sortzailea aldatzea da gure xede nagusia, Zero Zabor eredu efiziente eta zirkularrera igarotzea.
Bide horretan garaipen berriak dauzkagu zain, gaikako bilketa eraginkorra zabaldu, materialak berreskuratzeko azpiegiturak eraiki, eta nola ez, behingoz eta betiko Gipuzkoan martxan dauden hiru zabortegi kutsakorrak ixtea.

HERRI MUGIMENDUAREN ETA

ZENBAIT ERAKUNDEREN EKINTZA OSAGARRIA GAKOA

Planta toxikoaren amesgaiztoarekin bukatzea, herritar eta herri mugimenduaren garaipena izan da dudarik gabe, baina bakoitzari berea zor zaio, eta, ez litzateke justua zenbait erakundeetatik gai honekin hartutako konpromezua aitortu gabe uztea.
Prentsa begiratzea besterik ez dago zenbait herritan, Foru Aldundian eta GHKan azken bi urteetan jasan behar izan dituzten presioak nolakoak izan diren ikusteko. Bilketa sistema eraginkorrak martxan jarri dituzten 28 herrietako herritar zein agintariei, eta, Foru Aldunditik, nahiz GHKtik, mehatxu hau bertan behera utzi, eta, Zero Zabor bidean aurrera egiteko egindako ahalegin itzelari, gure aitorpena eta esker ona helarazi nahi diegu.

Erraustegia ez da pozoi iturri bakarra.

Kontuz manipulazioarekin!

Orain arte, gezurti profesionalek makina bat gezur zabaldu izan dituzte, bai errauste plantaren inguruan, bai bilketa sistemen inguruan, eta bai, komeni izan zaien guztiaren inguruan. Jarrera aldatuko dutenik espero izatea oso inozoa litzateke gure aldetik. Jendea nahasteko erabiliko gezurrakdituztela aurrikus daitezkeen gaiak aurreratuko ditugu:

DIRU KONTUAK

Gipuzkoarrok aurreztuko duguna: 253.000.000 + osasuna + ingurumena  blog hontako sarreran azaltzen dugu, hondakinak, errausketan oinarrituta, eta, zero zabor ereduan oinarrituta kudeatzeko azpiegituren aurrekontuaren arteko aldea. Atzoko akordioan onartutako kalteordain eta guzti, hondakinak zero zabor ereduan kudeatzeko azpiegituren kostea, errausketan oinarritutakoaren erdia ere ez da253.000.000 euro aurreztuko ditugu Gipuzkoarrok atzoko akordioari esker.
Denis Itxaso eta gisakoek, atentzioa kalteordainen 8 milioi hoietara eraman nahiko dute.  Atzo bertan, Denis bera, zalapartaka iragartzen zituen 24.000.000ko kalteordainak 8 milioitara mugatu zirela ikusik, kopurua pezetetan ematen hasi zen, zero batzuk gehitzearren. Aurreztu diren 253.000.000 euroetaz hitzik ez.

ZEINTZUK DIRA 8 MILIOIKO KALTE ORDAINEN ARDURADUNAK?

Azal dezagun nondik datorren hori. 2011ko maiatzean izan ziren azken udal eta foru hauteskundeak. Herritarren aukeraketak, eta, aurrekoetan ez bezala, bazterketa politikorik gabeko hauteskundeak izanak, aldaketak ekarri zituen erakundeetara, besteak beste, hondakinak kudeatzeko proiektuei dagokionez.
Erakundeak ez dira hauteskunde biharamunean bertan aldatzen. Aldaketak gauzatu bitartean, aurreko kargudunak jardunean geratzen dira, jarduera arrunteko gaiak bideratu ahal izateko. GHK da hondakinak Gipuzkoa mailan kudeatzeko mankomunitateen eta Foru Aldundiaren artean sortutako erakundea. GHKren osaketa beraz, mankomunitate eta Foru Aldundiarenak egin ondoren egiten da. GHKn, kudeatzaileen aldaketa, 2011 urteko urrian egin zen.

Denis Itxaso. Su piztaile eta suhiltzaile era berean?

GHKk norabidea aldatuko zuela ikusita, jardunean zeuden agintariek, Denis Itxaso zalapartaria eta Carlos Ormazabal tartean, urgentziz deitutako ez-ohiko bilera batean, presaka, errauste plantaren oinarrizko proiektua onartu zuten.
Horrek, enpresekin hitzartuta zeuden kontratuak indarrean jartzea ekarri zuen, eta ondorioz, proiektua bertan behera uzteko, enpresei kalteordainak eman behar izatea.Denis Itxasok, Carlos Ormazabalek eta GHKko orduko zuzendaritzako kideek, ondo baino hobeto zekiten kudeatzaile berrien asmoen berri, eta kalteordain hauen mehatxua aktibatzea, etorkizunean hartuko ziren erabakiak baldintzatzeko propio eta kontzientziz egindako saioa besterik ez zen izan.
GZZ eta beste eragileak, saio hori egin zenean, kanpoan izan ginen jokabide hori salatzen, hemerotekan ikus daitekeen bezala. Lotsagarria da, orain, Denis Itxaso eta kalte ordainen eragileak, kalte hori gauzak ondo egin dituztenei leporatzea. 8 milioiak, Gipuzkoarron poltsikotik atera beharrean, Denis eta Carlosen poltsikoetatik ateratzeko aukerak aztertzea ez litzateke baztertu beharko.

Hemeroteka:

Zenbait bideo honen inguruan:

“Zorionak” Getaria : aurrenak gea basura sortzen!!

Utzi iruzkina

BADA GARAIA DENOK BIRZIKLATZEKO!!

pankarteroak 2013-10

BASURAK  GETARIAN

 

Getaria da hiri hondakin gehien sortzen duen Gipuzkoako herria.

herria

Kg hiri hondakin / biztanle.urte

Birziklapen tasa

GETARIA

750

27

ZARAUTZ

445

40

UROLAKOSTA

528

37

GIPUZKOA

456

33

USURBIL

465

77

ANTZUOLA

280

90

( 2012ko datuak )

Getariar bat izan zen munduari lehen buelta eman ziona. Gaur lehenak gara basura sortzen. HONDAKINEN EGOERA HONI BUELTA EMAN BEHAR DIOGU. Guztion artean  soilik lortuko dugu. Sortzen ditugun hondakinak gure ardura dira eta erantzukizunez sailkatu behar ditugu.

Getariak urtean 200.000 € inguru “botatzen” ditu zabortegira. Dirutza hori ordaindu behar dugu kontainer berdeetan botatzen duguna kudeatzeagatik. Hau izugarrizko zorakeria da, are gehiago krisi ekonomiko garaian.

Etxe, soziedade, denda eta jatetxe  askotan oraindik ez da erabiltzen kubo marroia (organikoa sailkatzekoa).

Organikoa da, sailkatuta jasotzen ez bada,  arazo gehien ematen duena eta garestiena.

Sailkatzea ohitura kontu bat besterik ez da.

Ez baduzu oraindik kubo marroia, joan udaletxera hartzera. Zaborren kudeaketa asko hobetuko dugu.

Getarian Udaletxean dauden alderdiek oraindik ez dute zabor kudeaketa hobetzeko plangintzarik adostu legealdiaren erdia pasatu badugu ere!!!

Hondakinen bilketa sistema eraginkorrena garbiena eta merkeena atez atekoa da.

Martxan ipini eta handik hilabetera, hondakinen sailkatze tasa %75tik gorakoak lortu dituzte.

Zenbat eta gehiago birziklatu, orduan eta merkeagoa.

Getarian  124 € urteko ordaintzen dugu zabor tasa modura. Usurbilen 79 €.

Sailkatutako gaiengatik dirua eta lehengaiak aurrezten ditugu eta oso garesti eta kutsakorrak diren egiturak (errauskailua, zabortegi toxikoak, …)  baztertu.

getaiko inzineradora

Zubietako erraustegia: diru xahuketak eta arduradunak

Utzi iruzkina

Errauste plantaren proiektua bertan behera uztearen inguruan herritarrek jakin beharrekoak

 

GHK-k errauste plantaren proiektua bertan behera uzteak zalaparta dexente sortu du, gai honen inguruan aurrera egiteko egiten den urrats ororekin gertatzen den bezala. Hau, sistemaren muinean ezarrita dauden indar politiko eta ekonomikoen interesen nerbioa ukitzen den seinale da. Desinformazio zaparrada dakar honek hedabideetan eta, horren aurrean babesteko, herritarrek argi eduki beharreko zenbait gauza aipatuko ditugu labur-labur artikulu hontan.

Errauste planta bertan behera uztea eta hondakinak Zero Zabor ereduarekin kudeatzea, askoz merkeagoa da errauste planta eraikitzea baino.

Proiektua bertan behera uzteak sor ditzaken kalteordainen inguruan sortu den zalapartarekin, erabaki honen ondorioz Gipuzkoarrok errauste planta eraikiko balitz baino askoz diru gehiago ordaindu beharko dugula eman dezake. Uste hau erabat okerra da.

Errauste planta barne hartuta, azpiegituretan egin beharreko inbertsioa 393.010.782 eurotakoa litzateke hondakinen planaren arabera. Errausketarik gabe kudeatzeko behar diren azpiegiturekin kostua 182.675.000 eurotakoa litzateke. Erabaki honekin210.335.782 euro aurreztuko dira beraz.

Kontratuak eteteak kalteordainik ekarriko duen jakiteke dago enpresekin egingo diren negoziazioen baitan baitago hori. Kalteordainak baleude, hauek zenbatekoak liratekeen negoziazio horren baitan dago, baina kasurik txarrenean ere, ez lirateke helduko aurrezten den zenbatekoaren zati txiki bat izatera. Beraz, errauste planta bertan behera uzteko erabakiarekin dirutza aurreztuko dugu Gipuzkoarrek, osasuna eta ingurumena babestearekin batera.

Errauste planta bertan behera uzteagatik kalte ordainak ordaindu beharko balira, noren erantzukizuna litzateke?

Errausketaren bultzatzaileak zabaltzen ari diren “informazioak” kalteordainen erantzukizuna GHK-ren oraingo kudeatzaileen gainean jartzen du. Hori guztiz okerra da, bi arrazoi hauengatik:

Errauste planta eraikitzeko proiektua ez dator bat ingurumen baimena lortu zuen aurreproiektuarekin.

Baimenik gabeko proiektua da aurreko GHK-ren kudeatzaileek onartu zutena eta beraz legez kanpokoa da horren exekuzioa. Hiru aldaketa garrantzitsu dauzka. Errauts toxikoak tratatzeko instalazioetan, eskoriak tratatzekoetan eta erakitako kotan. (Informazio gehiago hemen)

Aurreko kudeatzaileek baimenik gabeko proiektua abian jartzean eduki dezaketen ardura legala aztertu beharko litzateke.

Errauste plantaren proiektua bertan behera uzteak ekar litzazkeen kalteordainak propio jarri zituen abian Carlos Ormazabal eta Denis Itxasok zuzendutako GHK-k, proiektuak atzera bueltarako aukerarik ez izateko asmoz, GZZk orduan ere salatu zuenez.

(Berriatik hartua) 2011/10/13an Carlos Ormazabal eta Denis Itxasok zuzendutako GHKren jarduneko administrazio kontseiluak, kontseilu berria ospatu bezperan, ez-ohiko bilera egin zuen errauste plantaren oinarrizko proiektua onartzeko. Azpijokoa salatzeko, kanpoaldean elkarretaratzea egin genuen GZZk eta beste eragile batzuk, gerta zitezkeen kalteordainen arduradunak zein ziren hasieratik garbi utziz.

2011ko urriaren 13an, kontseilu berria osatzeko bezperatan egindako ez-ohiko batzarrean onartu zuen jardunean zegoen GHK-ko administrazio kontseiluak proiektua. Horrek ekarri zuen enpresekin egindako kontratuak indarrean jartzea eta beraz, kontratuak bertan behera uzteak kalte ordainak eragitea. Intentzio osoz eta batere zilegitasunik gabe egindako mugimendua izan zen ondorengo arrazoiengatik:

  • Udal eta Batzar Nagusietarako hauteskunde emaitzen ondorioz (hauteskundeak 2011ko maiatzean izan ziren) izandako erakundeen osaketak hondakinen kudeaketari buruzko gehiengoak aldatu zituen. GHK-ko kudeatzaile berriak hondakinak errausketarik gabe eta Zero Zabor ereduari jarraiki kudeatzearen aldekoak ziren. Aurreko kudeatzaileak horren jakitun ziren.
  • 2011ko maiatzetik aurrera, GHK-ko kudeatzaileak jardunean zeuden, alegia, erakundeak eta hauen ordezkaritzak berritu bitartean erakundeek oinarrizko jardunerako behar dituzten erabakiak hartzea zegokien, ez sakoneko erabakiak hartzea. Errauste plantaren proiektua onartzea sakoneko erabakia da orain ikusten ari garen bezala eta ondorio ekonomiko larriak izan ditzake. Erabakia, hauteskundeetan herritarrek egindako hautatuaren gainetik pasatzea izan zen, nola edo hala haien proiektua inposatzeko.

Gai hontan, ardura moral eta politikoak oso argiak dira eta, seguruenik, ardura legalak ere egon daitezke, prebarikazioa jakinaren gainean erabaki okerrak hartzea baldin bada, 2011ko urriaren 13 hartan hartutako erabakiek eta moduek zalantzarako tarte gutxi uzten baitute.

Herritarren osasuna eta ingurumena babesteaz gain, egin bedi justizia. Herritarren dirua ezin da nahieran erabili, ez bankeroekin herritarren kontura angulajanak egiteko, ez eta justifikaziorik gabeko proiektu erraldoiekin enpresa handien irabaziak diru publikoz puzteko.

Sasi-galdeketen inguruan GZZren adierazpena

Utzi iruzkina

Uztailaren 4ean Gipuzkoa Zero Zabor eta Zero Zabor taldeetako kideak prentsaurrekoan azken asteetan buruturiko sasi galdeketen inguruan eginiko irakurketa plazaratu genuen.

Jarraian prentsaurrekoaren bideoa eta irakurritako idatzia. Bideoan lehen zatian Gipuzkoa koloreztatzen ari dela ikus genezake. Gaikako bilketa eraginkorrak martxan jartzen ari diren herriak zoriondu nahi ditugu, grixetik kolorera pasatzeko erabaki arduratsua hartzeagatik.

Galdeketen zilegitasun eza

Lehenik eta behin, atez atekoaren aurkako galdeketetan borondate onez parte hartu duten herritar guztiei errespetua adierazi nahi diegu. Badakigu atez ateko bilketaren inguruan zer nolako “informazioa” zabaltzen ari diren hedabide handiak, eta “informazio” hori sinetsiz gero kezka eta beldurra edukitzea guztiz normala da.

Gauza jakina da hondakinen kudeaketan, tamalez, irizpide teknikoetatik haragoko faktore indartsuek eragiten dutela. Guztion osasuna eta ingurumenarentzako kaltegarria den zaborra, batzuek negozio eta aberastasun iturri bihurtzen ikasi dute, haien interes partikularrak interes orokorren aurkako bihurtuz.

Bilketa eraginkor batera igaro ahal izateko zenbait udal hartzen ari diren neurriek herritar ororen ohiturei eragiten die. Horrek demagogiarako gai erraza bihurtzen du hondakinen bilketa. Bada hauteskunde emaitzetan etekinak atera asmoz gai honekin lixkar eta zalaparta sortu nahian dabilen alderdirik.

Testuinguru horretan kokatu behar ditugu gaikako bilketarako sistema eraginkorren aurka, atez ateko sistemen aurka, antolatu diren sasi-galdeketak. Sasi-galdeketak diogu, egiteko moduak ez bailuke errepublika bananero batean beteko lituzketen gutxienekoak ere betetzen, Zizurkilen ikusi ahal izan genuen bezala. Amasa Villabonan, Anoetan eta Iruran ikuskatzailerik ez onartu izanak gardentasun falta berretsi du eta sasi-galdeketa hauen sinesgarritasuna lurraren pare geratu da. Zerrendak osatzeko moduak, herritarrak ez direnak sartuz, eta boto delegatuaren gaia, ez dira oharkabean uztekoak.

Abiapunturako premisa: Zabortegi kutsakorrik eta errausketarik gabeko kudeaketa

Sasi-kontsulta hauen helburu bakarra, udala kaltetzeko titular bat lortzea zen. Bultzatzaileei bost axola die hondakinak era arduratsuan kudeatzeak eta herritarren benetako nahiak. Duela zenbait urtetik hondakinen kudeaketa txarraren mehatxua gertutik bizi izan dugu hainbat herritan. Urte hauetan zehar argi eta garbi ikusi ahal izan da, inon inork errauste plantarik ez duela nahi. Burua ondo daukanak ez du etxe ondoan errauste plantarik nahi. Bihotz ona daukanak besteen etxe ondoan ere ez du nahi. Burua eta bihotza, kudeaketa arduratsu baterako ezinbesteko bi oinarriak dira. Zero Zabor filosofiak bi iturri hoietatik edaten du.

Herritarren parte hartzea bermatuta

Atez ateko bilketa abian jartzea erabaki duten udalek filosofia horrekin bat egin eta bere eskumenen barruan dagoena egitea erabaki dute, hondakinak gaika biltzeko sistema eraginkor bat abian jartzea. Sistema horren ezarpena goitik beherako inposaketa formula itxi eta zurrun bat izan beharrean, herritarron parte hartzean oinarritutako prozesu zabal baten bidez egitea hobetsi dute. Parte hartze prozesuek muga bakarra izan dute. Herritarren osasuna ez kaltetzeko eta inork nahi ez ditugun azpiegitura kutsatzaileak ekidin ahal izateko, gaikako bilketa eraginkorra bermatzea.

Parte hartze prozesuan hamarka batzarretik gora egin dira herri bakoitzean, auzoz-auzo, sektorez-sektore. Nahi izan duten guztiek aukera izan dute informatu, eztabaidatu eta baita proposamenak egin eta onartzeko ere, sistema haien beharretara hobe molda dadin. Herritar guztiak abian jarritako bilketa sistemaren diseinuan parte aktibo izateko aukera edukitzen ari dira.

Herritarrei parte hartzeko eta aukera bat emateko deia

Herritarrei dei egiten diegu atez atekoaren ezarpenaren inguruan egiten ari diren eta egingo diren parte hartze prozesuetara joan daitezen, informatzera, eduki ditzaketen beldur eta kezkak azaltzera, eta bilketaren emaitza baldintzatu gabe, guztien artean herrira eta herritarrei moldatutako eredua zehaztera.

Elkarlanerako deia

Ezin dugu azken galdeketen porrotaren ondorioz harrotu eta irabazle-galtzaile dikotomia horretan sartu. Herriari ez zaio horrelakorik komeni. Lasaitu eta guztion artean arlo guztietan jaso duguna baino mundu hobeago bat uzten saiatu behar dugu. Garrantzitsuena, hemendik aurrera, gure osasunagatik, ingurugiroagatik eta ekonomiagatik, emaitza onenak ematen dituen sistemari aukera bat ematea da.

‘Taste the Waste’ (Dasta ezazu jakia) dokumentalaren aurkezpena

Utzi iruzkina

‘Taste the Waste’: zaborretara jaurtitzen dugun janari pilaren salaketa

 

(argia.com, zero-zabor blogetik hartuta)

Valentin Thurmek “Taste the Waste” (Dasta ezazu jakia) filma plazaratu du Europan egunero alferrik galtzen ditugun janari pilak salatzeko. Europako familiek urtean 100.000 euro balio duten jakiak botatzen dituzte zakarretara, Nestlé elikadura multinazionalak urtean fakturatzen duen adina. Hondatzen lagatzen ditugun jaki horiekin bi alditan elikatu ahal izango lirateke munduan goserik diren guztiak.

Taste the Waste” dokumentalak bere 90 minututan zehar egiten du xahuketa izugarri honen erradiografia. Ekoizten diren bi letxugatatik bat zakarretara doa, labatutako bost ogitatik bat saldu gabe doa zabortegira, saltzeko aski politak ez diren patatak bildu ere ez dira egiten, hipermerkatuetako edukiontziak jateko moduko produktuz gainezka daude…

 

 

Xahuketak jendeen gosea handitzeaz gain klima okerragotzen du, jakiok ekoizteko energia, ura, ongarriak eta pozoiak direla medio, oihan osoak suntsitzen dira, jaki baztertuek berek usteltzean beroketa globala areagotzen dute.

Zero Waste Europe koordinadorak zabaldu duenez, filma aurkeztu dute Janari eta Nekazaritzarako Erakundeak (FAO ingelesezko sigletan) berrikitan Erroman buru duen biltzarrean.

Zizurkilgo herri galdeketa: egin behar ez denaren eredu lotsagarria

Utzi iruzkina

Pello Zubiria  ( argia.com  )

Tolosaldea Txukun plataformak Zirukilen Atez Atekoaren kontra antolatutako bi eguneko galdeketa bere emaitzak erakusten hasi da. Batzuk prentsak zabaldu ditu, nahiz eta datu eta xehetasunen artean batzuenak eta besteenak erkatzeko pazientzia hartu behar den. Tolosaldea Txukunek emandako datuetan (ez da kontrol independienterik izan): botoa emateko eskubidea daukaten 2.245 pertsonaren artean 1.004ren botoak bildu dira, hauetatik 300 ordezkaritzaz emanak (botoa emateko eskubidea beste norbaiti lagata), 990 Atez Atekoaren kontrakoak, 13 aldekoak. Diario Vascok asteleheneko kronikari “En Zizurkil se ha vuelto a demostrar que hay rechazo ciudadano al puerta a puerta» ipini dio lerroburu, azken asteotan hamaika orri eskaini dizkion Patxi Amantegiren hitzak hartuta; Noticias de Gipuzkoak “El 5º contenedor obtiene 990 votos en Zizurkil, 182 más que Bildu en 2011“; Berriak “Bosgarren edukiontzia aldeztu dute botoa eman dutenek Zizurkilen“.

Aiurrik agertu zuenez beste hedabideei aurrea harturik, bezperatik atez atekoen aldekoek egoera salatua zuten. “Hasi da atez atekoaren inguruko galdeketa” albistean zioen: “Aizpea Zabalak hartu du hitza atez atekoaren alde dagoen herritar taldearen izenean: ‘Tolosaldea Txukun plataformak ez digu utzi ikuskaritza egiten eta inolako kontrolik gabe ari dira galdeketa aurrera eramaten. (…)Gutunazaletik hasita, atez atearen kontra bozkatzera animatzen du jendea eta gainera, okerra da atez atekoaren inguruan banatzen duen informazioa. Hori gutxi ez, eta boka ordezkatua onartzen dute, iruzurrari ateak parez pare irekiz. Horregatik eskatu genuen ikuskaritza lanak egitea, iruzurra oraindik ere handiagoa izan ez zedin. Gure galdera da; ezer ezkutatzekorik ez badute, zergatik ez digute uzten bertan egoten? Galdeketa hau festa pribatu bat bilakatu dute eta garbi eskatu nahi diogu Zizurkilgo Udalari ez kontuan hartzeko hemen bildutako datuak, inongo baldintza minimorik eta kontrolik gabe bilduak izan direlako”. Galdeketaren inguruko balorazioa Aiurrin egin du talde honek : “Atez atekoaren aldeko herritar taldearen balorazioa, galdeketaren inguruan“.

Galdeketa amaitu ostean, datuetatik ateratzen den lehen albistea baldin bada galdeketan plataformak aurretik Atez Atekoaren kontra bildutako sinaduren (1.275) kopurua baino txikiagoa lortu duela, bigarrena iruzur salaketek ekarri dute. Garak “Iruzur frogek nahastu dituzte antolatzaileen emaitza ‘positiboak’” kronikan aipatu duenez, “herri galdeketa hasi bezain laster, komunikabideetako kazetariak han egonagatik, delegatutako boto bat titularraren sinadura gabe emateko aukera eman zitzaion bertaratutako pertsona bati. Grabatutako irudietan ikus daitekeenez, Maria Anjeles Lazkano EAJko zinegotziak eskolan ez den hirugarren pertsona baten ordez bozkatzeko aukera ematen dio emakume bati botoa delegatzeko agiria eskolan bertan betez, nahiz eta gero kazetariei agiria etxetik sinatuta ekartzea ezinbestekoa zela ohartarazi”. Naizek “Irregulartasunak atez atekoaren kontrako plataformak deitutako herri galdeketan” bideoz hornitu du iruzur salaketa hau.

Plataformak aitortu dituen 300 boto delegatuen kopurua bat dator Zizurkilen galdeketak minimo demokratikoak betetzen ez dituela salatzen dituztenek emandakoarekin: 752 boto emaile baino gehiago ez zirela agertu.

Are iruzur salaketa deigarriagoa egin du Zizurkildarrak Garelako taldeak “Fraude en la consulta sobre el PaP en Zizurkil” bideoarekin: bere izen-deiturak aitortzen dituen Javier Ollakarizketa ez-zizurkildarra botoa ematera doa noizbait berari motorra saldu zion Rafa Gonzalez zizurkildarraren (honek ez daki ezer) izen-deiturak eta NAN agiriaren datuak ezagutzen dituela aprobetxatuz, kamera joango zaio atzetik dena grabatzen. Hasteko, ustez Rafak delegatu dion botoaren paperean NAN zenbakia oker jarri du. Izen deiturak bereak, Javier Ollakarizketa, baina sinaduran “Rafa”. Zizurkilen EAJren zinegotzi ari den Egoitz Sorozabali eman dio; honek benetako botoemailearen bigarren deitura galdetu dio… Javier ez da gogoratzen… Sorozabal delegatuak berak bilatuko du bigarren deitura zentsoaren zerrendan, nahiz eta Javierrek ez dion erakutsi ezer bermatzen duenik benetan Rafaren botoa daramala… barrura doa botoa.

Zizurkilgo emaitzak notarioarengana emango dituztela esan zuen galdeketa antolatu zuen Patxi Amantegik. Ikusi beharko da zer zertifikatzen duen notario horrek.

Euskadi Irratiako Faktoria saioan Maite Artolak elkarrizketatu ditu Zizurkilgo iruzurretako baten bi protagonista. “Iruzur zantzuak Zizurkilgo galdeketan” albistean entzun daitezke. Alde batetik, Rafa Gonzalez Gutierrezek gezurtatu du berak ez botorik eman zuenik eta ez horretarako baimenik inori eman zionik Atez Atekoaren kontra, gertatu denagatik bere  harridura agerian utziz. Bestetik, Tolosaldea Txukuneko lider Patxi Amantegik argudiatu du hau guztia gertatu dela Zizurkilgo udalak berak ez duelako antolatu galdeketa.

Berriako Iñaki Petxarromanek Twitterrez nabarmendu du: “Zizurkilgo iruzurra onartu (bultzatu) zuten bi EAJko batzarkideak dira: M. Angeles Lazkano eta Zorione Etxezarraga”.

 

 

Errausketarik ez! Ez hemen, ez inon! Birziklatzeari bai!!

Utzi iruzkina

Gipuzkoako erraustegia behin betiko bertan behera uztea eskatzeko manifestazioa larunbatean Donostian

Errausketaren aurkako koordinadorak, Eguzkik eta Greenpeacek deitu dute manifestazioa. Gipuzkoa Zero Zabor-ek bat egiten du aldarrikapenarekin eta deialdira atxikitu da.

Errausketak ez du lekurik Zero Zabor ereduan. Ondorengo arrazoietan laburtu dezakegu zergatia:

Suntsiketa: Ez du iraukortasunak eskatzen duen mugimendu zirkularra errespetatzen. Materialak suntsituz eredu lineal jasangaitzan kokatzen da bete betean.

Xahuketa: Errausketak erregaia behar du bideragarria izateke. Birziklatzearekin ez ezik, talka egiten du bete betean murriztearekin ahalik eta hondakin gehien sortzea behar baitu.

Dirutza xahuketa: Errauste plantan oinarritutako planak 400.000.000 euroko azpiegiturak ditu aurrekontuan. Zero Zabor norabidekoak 200.000.000, hau da erdia.

 Errausketaren mito faltsuak:

Energia sortzen du: Errausketak materialak erretzean berreskuratzen duen energia zatia baino gehiago behar da erraustutako produktuak berriz ekoizteko. Are gehiago, produktu berriak material hoiek birziklatuz ekoiztuz gero ere energia balantzea hobea da.

Erraustea ekonomikoki ona da: Aurreko arrazoiak berak erakusten du hau absurdoa dela. Erraustegiak oso azpiegitura garestiak dira eta haien mantenua ere bai. Materialak suntsitzen dituenez, hoiek berritzeko inpostatu behar izaten dira, balantze negatiboa sortuz. Gainera oso lanpostu gutxi sortzen dute. Sortutako lanpostuak/Inbertsioa ratioa oso txarra da.

Errauste planta modernoak seguruak dira: Egia da garai bateko filtroak hobetu (eta garestitu) dituztela. Kasurik onenean, konposatu toxiko gehienak (dioxinak, furanoak…) filtroetako errautsetan geratuko lirateke eta zabortegi berezietara eraman behar dira (ez dira desagertzen). Gipuzkoan egin nahi duten errauste plantaren kasuan urtean 20.000 tona izango lirateke zabortegira bidaliko liratekeen errauts hauek proiektuan bertan esaten denez eta hauei 60.000 tona gehitu beharko litzaizkieke. 80.000 tona guztira. Zero Zabor klabean iaz Foru Aldundiak aurkeztutako planak proposatzen duenaren arabera aldiz, 75.000 tona errefus egonkortu eta ez toxiko izango lirateke geratuko liratekeenak. Edozein kasutan, denok dakigu filtro garesti hoiek behar bezala ez direla opraktikan mantentzen, kudeatzaileek dirua aurrezten baitute horrela. Bestelako industrian gertatzen dena hor gertatuko ez dela pentsatzea inozokeria da.

Nun amaitzen dabe berziklatzen ez douzen zamarrak?

Utzi iruzkina

Urtarriletik lanean ari den Ondarroa Zero Zamar taldeak “Nun amaitzen dabe gure zamarrak?” bideoa zabaldu du sarean. Ondarrutar batek kontainerrean jaurti duen zabor boltsaren ibilibidea deskribitu dute.
ondarroazerozamar.wordpress.com  webgunetik hartuta)

Zemat berziklatzen dou Ondarrun?

 Ondoko irudia da apirilean aurkeztutako afixa, “Zemat berziklatzen dou Ondarrun?“. Kanpainan aldarrikatu dute: “Ez bidali beste herri batera Ondarroan nahi ez dituzun zamarrak”.

zerozamar portzentajik

Aupa Ondarru eta  Aurrera Ondarru Zero Zamar!!

Mundumob Donostian

Utzi iruzkina

Mundumoben azken ekitaldia Donostian. Zailtasunen guztien gainetik etorkizun hobeago baten aldeko konpromezua.

(Aurrerapen bideoa. Behin behinekoa da)

30 herritik gora zeharkatu ditu Mundumob ekimenak. Herriz herri egindako ibilbide luze horretan bere uzta utzi du. Herritarren kontzientziazioan eragin eta hondakinen kudeaketaren gaia parametro zuzenetan kokatzeko helburuak bete ditu besteak beste. Hala ere, herri asko eta askotan, izaten ari garen udaberri euritsuarekin egin du topo. Larunbatekoak ere ez ziren ez baldintza egokienak jendea Donostiara hurbil zedin. Euria barra barra ari zuela Donostiara gerturatzeak meritu handia dauka, batez ere urrunetik, Elgeta, Mutriku, Oñati eta abarretik etorri zirenentzat. Gure eskerrik beroenak baldintza hoietan gurekin batera egotea erabaki zuten guzti-guztiei.

Larunbateko eguraldia ez da Gipuzkoa Zero Zabor lurralde izateko helburuan topatuko dugun oztoporik handiena, ez horixe. Ekitaldi hau bera egiteko traba asko jarri dizkigute, tartean Eusko Jaurlaritzak Kaian egiteko baimena ukatzea. Bageneukan ekitaldia bertan behara uztea. Ez ginateke eguraldia ikusita, erabaki hori hartu zuten bakarrak izango. Baina baikortasuna aldarrikatu bakarrik ez, praktikan jartzea dagokigu ere. Dena ondo joan balitz prestatuta geneukan ekitaldia ezin izan genuen burutu noski. Ezin izan genuen prestatuta geneukan mailako ekitaldia egin. Egoera eta baldintzetara egokitzen jakin behar dugu, beti aurrera eginez, malgutasuna besteko determinazioz.

Mundu hobeago baten alde “bustitzeko” prest

Bezperan, larunbata arratsalderako eguraldiaren hobetzea iragarrita bazegoen ere, ez zen horrela izan. Egoera eta espaziora nola moldatu unean bertan erabaki behar izan genuen. Proposamen eta ideia asko. Errepidean egin beharrean kiosko aurrean egin? Bertan behera utzi? Inolaz ere ez, besterik ez bada etortzeko ahalegina egin duen jendearekiko begirunez. Ekitaldia kioskoko aterpean egin eta gero dantza oholtzatik? Inolaz ere ez! Ekitaldira etorri direnek busti behar badute, guk ere bai. Erabakita! Ekitaldia oholtzatik egin genuen, denok maila berean, denok bat eginda.

Etorri zinetenok etorrita, hondakinen arazoari irtenbidea emateko beharrezkoa dugun laguntza izango dugula bermatuta dagoela erakutsi diguzue. Olatuen talkek higatu ezin duten harkaitza zarete, helburuak erdietsiko ditugunaren bermea. Guztion artean arazoak erronka eta erronkak lorpen bilakatuko ditugu, ez izan zalantza izpirik.

Zerua goibel egon zen larunbatean baina konpromezu distirak nagusitu ziren Bulebarrean.

Eskerrik asko Mundumob ekimenaren bidez hondakinen kudeaketan ere iraunkortasunaren aldeko mezua zabaltzen lagundu diguzuen guzti-guztioi. Mundumoba antolatzen lagundu diguten Zero Zabor taldeetako kideei, musika, letra eta koreografia prestatu digutenei, koreografia irakasten aritu diren “irakasle” guztiei, eta modu batean edo bestean ekimenean parte hartu duzuen guztioi. Zuek ondoan edukita helburuak lortuko ditugun zalantzarik ez daukagu!

(Irutxuloko Hitzaren bideoa)

Gipuzkoa Zero Zaborren mezua

Azken mendeko garapenkeri itsuak eta batzuen aberastasun gose aseezin eta egoistak, gure bizilekua den munduan, gaur egun inork ukatzen ez dituen kalteak sortu ditu, hala nola beroketa globala, natur baliabideen gain-ustiapena, kutsadura, zabor pilaketa eta abar. Honen aurrean bi jarrera har ditzakegu:

  • Ezkorra: “zertarako hau konpondu beste horrek kaltea eragiten segitzen badu”,

  • Ala baikorra: “berandu baino lehen has gaitezen iraunkortasunean oinarritutako mundu bat eraikitzen,”.

Zero Zabor mugimenduak beti eutsi dio baikortasunari, edukiz betetako baikortasunari. Nahi badugu eta ahalegin hori egiteko prest baldin bagaude, mundua hobera alda dezakegu. Zergatik ez saiatu orduan?

Mundumob ekimenarekin iraunkortasun printzipioen baitan eraikiko den munduaren oinarriak gizarteratu eta indarrean jarri nahi ditugu. Ekimen honen bidez oinarrizko printzipio bat aldarrikatu eta ekintza praktikoak horren arabera gara daitezen eragin nahi dugu. Printzipio hori sinplea bezain garrantzitsua da:

Mundua, aurreko belaunaldiek jaso zuten aukera berdinekin jasotzeko eskubidea daukagu guztiok, eta eskubide hori berma dadin, hurrengo belaunaldiei mundua jaso dugun aukera berdinekin uzteko betebeharra daukagu.

Ondorengo belaunaldiei munduko baliabideen gainean daukaten eskubideen aitortza da aldarrikatzen duguna, ez gaitezela gure ondorengoen eta gure etorkizunaren kontura utzikerian bizi.

Mundumob, Maiatzaren 4an  hasi zen Orendainen, Gipuzkoako lehenengo zero zabor herrian. Gipuzkoan zehar 30 herri baino gehiagotan burutu ondoren, gaur Donostiara iritsi da. Zabor gutxien sortzen duen herrian hasi eta Zabor gehien sortzen duenerako ibilbidea egin du ekimenak. Donostia, praktika on eta eredugarriak ezinbestean aplikatu behar diren lekua beraz, konponbidearen gakoa. Donostiak erronka polita jarri dio bere buruari: 2016 urtean Europako Kultur Hiriburu izatearena. Kulturak eta jakintzak nekez egiten dute bat utzikeria eta zabarkeriarekin. Donostiari Zero Zabor norabidean jartzeko gure ekarpena egin nahi diogu gaurko ekitaldiarekin.

Gaurkoa ekitaldia, fase baten amaiera besterik ez da. Mundumob ekimenean egindako aldarrikapena zabaltzen segi behar dugu gaurtik aurrera ere. Guztion artean, herritarrak ardatz hartuta, iraunkortasunean oinarrituko den mundua eraikitzeko erronka daukagu. Badakigu posible dela. Zergatik ez saiatu?

Eman hartu nahi duzun mundua!

Birziklatze tasa %28tik %83ra igo da Lezon

Utzi iruzkina

Birziklatze tasa %28tik %83ra igo da Lezon

(Berria.info)

Ainhoa Zabalo alkateak azaldu du “aurreikuspen guztiak” gainditu dituztela, eta nabarmendu du “herritarren inplikazioan” dagoela tasaren gorakadaren oinarria. Gipuzkoan, berriz, birziklatze tasa %33 dela jakinarazi du aldundiak.

Bihar beteko da hilabete Lezon hondakinak biltzeko atez ateko sistema ezarri zutenetik, eta sistema berriarekin hasi aurretik zituzten aurreikuspenak gainditu egin dituzte, Ainhoa Zabalo alkateak gaur azaldu duenez; %28 birziklatzen zen herrian, eta hilabetean %83ko birziklatze tasara heldu dira.

Gaur goizean eginiko agerraldian eman ditu Zabalok datuak eta azalpenak. Herritarrak zoriondu ditu, eta gaineratu du haien “inplikazioa” dagoela “arrakastaren oinarrian”. %80ra iristea espero zuten.

Zabaloren hitzetan, Lezoko datuek adierazten dute “alternatibarik egokiena” dela atez ateko bilketa sistema. Lanpostuak sortzen dituela eta eredu merkeagoa dela erantsi du.

Gipuzkoan, %33

Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, herrialdeko birziklatze tasen berri eman du gaur, Ingurumenaren Nazioarteko Egunean. Hiri hondakinen %33,4 bakarrik birziklatzen dira herrialdean, batez beste.

Mankomunitateen araberako datuak eman ditu Iñaki Errazkin Ingurumen diputatuak. Urola Kosta, Sasieta, Debagoiena eta San Marko mankomunitateetan dauden herriek birziklatzen dute gehien.

Zerrendan atzerago doaz Tolosaldeko, Urola Erdiko eta Txingudiko mankomunitateetan dauden herrien birziklatze tasak. Datu txarrena Debabarrenak eman du, batez bestekoaren oso azpitik.

2012ko datuak dira horiek. 2011koa izan zen birziklatze tasa Gipuzkoan. “Igoera txikia” izan dela adierazi du Ingurumen diputatuak.

Europako herri eta eskualde askotan, baita Gipuzkoako herri batzuetan ere, birziklatze tasa %70etik gorakoa dela gogorarazi du Errazkinek. “Gipuzkoarrok, aldiz, ez gara erdira ere iristen. Badugu aurrera egiteko oinarria, baina baita bide luzea ere”.

 

Lezoko Udala

Hilabete batean birziklatze tasa hirukoiztu da Lezon

 

Albistea prentsan ikusteko:

Naiz: Birziklatze tasa hirukoiztu egin da Lezon atez atekoarekin

Diario Vasco: Lezo triplica la tasa de reciclaje con el PaP, según el Ayuntamiento

El Pais: Lezo asegura haber triplicado en un mes la tasa de reciclaje con el ‘puerta a puerta’

Older Entries Newer Entries