Mundumoben azken ekitaldia Donostian. Zailtasunen guztien gainetik etorkizun hobeago baten aldeko konpromezua.

(Aurrerapen bideoa. Behin behinekoa da)

30 herritik gora zeharkatu ditu Mundumob ekimenak. Herriz herri egindako ibilbide luze horretan bere uzta utzi du. Herritarren kontzientziazioan eragin eta hondakinen kudeaketaren gaia parametro zuzenetan kokatzeko helburuak bete ditu besteak beste. Hala ere, herri asko eta askotan, izaten ari garen udaberri euritsuarekin egin du topo. Larunbatekoak ere ez ziren ez baldintza egokienak jendea Donostiara hurbil zedin. Euria barra barra ari zuela Donostiara gerturatzeak meritu handia dauka, batez ere urrunetik, Elgeta, Mutriku, Oñati eta abarretik etorri zirenentzat. Gure eskerrik beroenak baldintza hoietan gurekin batera egotea erabaki zuten guzti-guztiei.

Larunbateko eguraldia ez da Gipuzkoa Zero Zabor lurralde izateko helburuan topatuko dugun oztoporik handiena, ez horixe. Ekitaldi hau bera egiteko traba asko jarri dizkigute, tartean Eusko Jaurlaritzak Kaian egiteko baimena ukatzea. Bageneukan ekitaldia bertan behara uztea. Ez ginateke eguraldia ikusita, erabaki hori hartu zuten bakarrak izango. Baina baikortasuna aldarrikatu bakarrik ez, praktikan jartzea dagokigu ere. Dena ondo joan balitz prestatuta geneukan ekitaldia ezin izan genuen burutu noski. Ezin izan genuen prestatuta geneukan mailako ekitaldia egin. Egoera eta baldintzetara egokitzen jakin behar dugu, beti aurrera eginez, malgutasuna besteko determinazioz.

Mundu hobeago baten alde “bustitzeko” prest

Bezperan, larunbata arratsalderako eguraldiaren hobetzea iragarrita bazegoen ere, ez zen horrela izan. Egoera eta espaziora nola moldatu unean bertan erabaki behar izan genuen. Proposamen eta ideia asko. Errepidean egin beharrean kiosko aurrean egin? Bertan behera utzi? Inolaz ere ez, besterik ez bada etortzeko ahalegina egin duen jendearekiko begirunez. Ekitaldia kioskoko aterpean egin eta gero dantza oholtzatik? Inolaz ere ez! Ekitaldira etorri direnek busti behar badute, guk ere bai. Erabakita! Ekitaldia oholtzatik egin genuen, denok maila berean, denok bat eginda.

Etorri zinetenok etorrita, hondakinen arazoari irtenbidea emateko beharrezkoa dugun laguntza izango dugula bermatuta dagoela erakutsi diguzue. Olatuen talkek higatu ezin duten harkaitza zarete, helburuak erdietsiko ditugunaren bermea. Guztion artean arazoak erronka eta erronkak lorpen bilakatuko ditugu, ez izan zalantza izpirik.

Zerua goibel egon zen larunbatean baina konpromezu distirak nagusitu ziren Bulebarrean.

Eskerrik asko Mundumob ekimenaren bidez hondakinen kudeaketan ere iraunkortasunaren aldeko mezua zabaltzen lagundu diguzuen guzti-guztioi. Mundumoba antolatzen lagundu diguten Zero Zabor taldeetako kideei, musika, letra eta koreografia prestatu digutenei, koreografia irakasten aritu diren “irakasle” guztiei, eta modu batean edo bestean ekimenean parte hartu duzuen guztioi. Zuek ondoan edukita helburuak lortuko ditugun zalantzarik ez daukagu!

(Irutxuloko Hitzaren bideoa)

Gipuzkoa Zero Zaborren mezua

Azken mendeko garapenkeri itsuak eta batzuen aberastasun gose aseezin eta egoistak, gure bizilekua den munduan, gaur egun inork ukatzen ez dituen kalteak sortu ditu, hala nola beroketa globala, natur baliabideen gain-ustiapena, kutsadura, zabor pilaketa eta abar. Honen aurrean bi jarrera har ditzakegu:

  • Ezkorra: “zertarako hau konpondu beste horrek kaltea eragiten segitzen badu”,

  • Ala baikorra: “berandu baino lehen has gaitezen iraunkortasunean oinarritutako mundu bat eraikitzen,”.

Zero Zabor mugimenduak beti eutsi dio baikortasunari, edukiz betetako baikortasunari. Nahi badugu eta ahalegin hori egiteko prest baldin bagaude, mundua hobera alda dezakegu. Zergatik ez saiatu orduan?

Mundumob ekimenarekin iraunkortasun printzipioen baitan eraikiko den munduaren oinarriak gizarteratu eta indarrean jarri nahi ditugu. Ekimen honen bidez oinarrizko printzipio bat aldarrikatu eta ekintza praktikoak horren arabera gara daitezen eragin nahi dugu. Printzipio hori sinplea bezain garrantzitsua da:

Mundua, aurreko belaunaldiek jaso zuten aukera berdinekin jasotzeko eskubidea daukagu guztiok, eta eskubide hori berma dadin, hurrengo belaunaldiei mundua jaso dugun aukera berdinekin uzteko betebeharra daukagu.

Ondorengo belaunaldiei munduko baliabideen gainean daukaten eskubideen aitortza da aldarrikatzen duguna, ez gaitezela gure ondorengoen eta gure etorkizunaren kontura utzikerian bizi.

Mundumob, Maiatzaren 4an  hasi zen Orendainen, Gipuzkoako lehenengo zero zabor herrian. Gipuzkoan zehar 30 herri baino gehiagotan burutu ondoren, gaur Donostiara iritsi da. Zabor gutxien sortzen duen herrian hasi eta Zabor gehien sortzen duenerako ibilbidea egin du ekimenak. Donostia, praktika on eta eredugarriak ezinbestean aplikatu behar diren lekua beraz, konponbidearen gakoa. Donostiak erronka polita jarri dio bere buruari: 2016 urtean Europako Kultur Hiriburu izatearena. Kulturak eta jakintzak nekez egiten dute bat utzikeria eta zabarkeriarekin. Donostiari Zero Zabor norabidean jartzeko gure ekarpena egin nahi diogu gaurko ekitaldiarekin.

Gaurkoa ekitaldia, fase baten amaiera besterik ez da. Mundumob ekimenean egindako aldarrikapena zabaltzen segi behar dugu gaurtik aurrera ere. Guztion artean, herritarrak ardatz hartuta, iraunkortasunean oinarrituko den mundua eraikitzeko erronka daukagu. Badakigu posible dela. Zergatik ez saiatu?

Eman hartu nahi duzun mundua!