GIPUZKOAKO ERRAUSKAILUAREN PROIEKTUA BERTAN BEHERA GERATU DA

Garaipen handia

Atzokoa, Gipuzkoako errauste planta eraikitzeko proiektua behin betiko bertan behera uzteko urratsa, herritarren osasuna eta ingurumena lobby ekonomiko-politikoen interes partikularrei gainditzeko borrokan mugarri historikoa izan da. Aldeak alde, Lemoizko zentral nuklearra bertan behera geratu zenetik ez da izan herri mugimenduaren horrelako beste garaipenik.
Hamarkadak izan dira, mugarik gabeko garapenkeriaren bultzatzaileek, erakundeetatik erabateko prepotentziz jokatzen iraun dutenak. Gure osasunaren eta ingurumenaren kontura, gure diruz, aberasten eta aurpegira barre egiten aritu zaizkigun garaiek luze jo dute. Horrelako garaipenek, gure ahalmenean, herritarrok eragiteko daukagun ahalmenean sinesteko balio dute. Egunok, garaipena ospatu eta indar berritzeko garaia dira, unerik etsigarri eta ilunenetan ere lanean jardun izanak emandako fruituaz gozatzeko uneak. Ospa dezagun bada!

INDAR BERRITU ETA AURRERA, ZERO ZABOR LURRALDEA ERDIETSI ARTE

Garaipen handi hau, ospatu, eta, gure ahalmenean sinesteko baliatu behar dugu. Garaipen handi honek baina, ez digu gure helburua zein den ahaztuarazi behar. Azpiegitura kutsakor erraldoia ez egitea lortu dugu, baina materialen kudeaketa eredu xahutzaile eta zabor sortzailea aldatzea da gure xede nagusia, Zero Zabor eredu efiziente eta zirkularrera igarotzea.
Bide horretan garaipen berriak dauzkagu zain, gaikako bilketa eraginkorra zabaldu, materialak berreskuratzeko azpiegiturak eraiki, eta nola ez, behingoz eta betiko Gipuzkoan martxan dauden hiru zabortegi kutsakorrak ixtea.

HERRI MUGIMENDUAREN ETA

ZENBAIT ERAKUNDEREN EKINTZA OSAGARRIA GAKOA

Planta toxikoaren amesgaiztoarekin bukatzea, herritar eta herri mugimenduaren garaipena izan da dudarik gabe, baina bakoitzari berea zor zaio, eta, ez litzateke justua zenbait erakundeetatik gai honekin hartutako konpromezua aitortu gabe uztea.
Prentsa begiratzea besterik ez dago zenbait herritan, Foru Aldundian eta GHKan azken bi urteetan jasan behar izan dituzten presioak nolakoak izan diren ikusteko. Bilketa sistema eraginkorrak martxan jarri dituzten 28 herrietako herritar zein agintariei, eta, Foru Aldunditik, nahiz GHKtik, mehatxu hau bertan behera utzi, eta, Zero Zabor bidean aurrera egiteko egindako ahalegin itzelari, gure aitorpena eta esker ona helarazi nahi diegu.

Erraustegia ez da pozoi iturri bakarra.

Kontuz manipulazioarekin!

Orain arte, gezurti profesionalek makina bat gezur zabaldu izan dituzte, bai errauste plantaren inguruan, bai bilketa sistemen inguruan, eta bai, komeni izan zaien guztiaren inguruan. Jarrera aldatuko dutenik espero izatea oso inozoa litzateke gure aldetik. Jendea nahasteko erabiliko gezurrakdituztela aurrikus daitezkeen gaiak aurreratuko ditugu:

DIRU KONTUAK

Gipuzkoarrok aurreztuko duguna: 253.000.000 + osasuna + ingurumena  blog hontako sarreran azaltzen dugu, hondakinak, errausketan oinarrituta, eta, zero zabor ereduan oinarrituta kudeatzeko azpiegituren aurrekontuaren arteko aldea. Atzoko akordioan onartutako kalteordain eta guzti, hondakinak zero zabor ereduan kudeatzeko azpiegituren kostea, errausketan oinarritutakoaren erdia ere ez da253.000.000 euro aurreztuko ditugu Gipuzkoarrok atzoko akordioari esker.
Denis Itxaso eta gisakoek, atentzioa kalteordainen 8 milioi hoietara eraman nahiko dute.  Atzo bertan, Denis bera, zalapartaka iragartzen zituen 24.000.000ko kalteordainak 8 milioitara mugatu zirela ikusik, kopurua pezetetan ematen hasi zen, zero batzuk gehitzearren. Aurreztu diren 253.000.000 euroetaz hitzik ez.

ZEINTZUK DIRA 8 MILIOIKO KALTE ORDAINEN ARDURADUNAK?

Azal dezagun nondik datorren hori. 2011ko maiatzean izan ziren azken udal eta foru hauteskundeak. Herritarren aukeraketak, eta, aurrekoetan ez bezala, bazterketa politikorik gabeko hauteskundeak izanak, aldaketak ekarri zituen erakundeetara, besteak beste, hondakinak kudeatzeko proiektuei dagokionez.
Erakundeak ez dira hauteskunde biharamunean bertan aldatzen. Aldaketak gauzatu bitartean, aurreko kargudunak jardunean geratzen dira, jarduera arrunteko gaiak bideratu ahal izateko. GHK da hondakinak Gipuzkoa mailan kudeatzeko mankomunitateen eta Foru Aldundiaren artean sortutako erakundea. GHKren osaketa beraz, mankomunitate eta Foru Aldundiarenak egin ondoren egiten da. GHKn, kudeatzaileen aldaketa, 2011 urteko urrian egin zen.

Denis Itxaso. Su piztaile eta suhiltzaile era berean?

GHKk norabidea aldatuko zuela ikusita, jardunean zeuden agintariek, Denis Itxaso zalapartaria eta Carlos Ormazabal tartean, urgentziz deitutako ez-ohiko bilera batean, presaka, errauste plantaren oinarrizko proiektua onartu zuten.
Horrek, enpresekin hitzartuta zeuden kontratuak indarrean jartzea ekarri zuen, eta ondorioz, proiektua bertan behera uzteko, enpresei kalteordainak eman behar izatea.Denis Itxasok, Carlos Ormazabalek eta GHKko orduko zuzendaritzako kideek, ondo baino hobeto zekiten kudeatzaile berrien asmoen berri, eta kalteordain hauen mehatxua aktibatzea, etorkizunean hartuko ziren erabakiak baldintzatzeko propio eta kontzientziz egindako saioa besterik ez zen izan.
GZZ eta beste eragileak, saio hori egin zenean, kanpoan izan ginen jokabide hori salatzen, hemerotekan ikus daitekeen bezala. Lotsagarria da, orain, Denis Itxaso eta kalte ordainen eragileak, kalte hori gauzak ondo egin dituztenei leporatzea. 8 milioiak, Gipuzkoarron poltsikotik atera beharrean, Denis eta Carlosen poltsikoetatik ateratzeko aukerak aztertzea ez litzateke baztertu beharko.

Hemeroteka:

Zenbait bideo honen inguruan: